XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Normandoak

Jainko bihozbera, erruki zakizkigu. Salba gaitzazu normandoen hiratik.

Honelatsu erregutuko zuten, hasi VIII. mendearen hondarrean eta handik aurrera, bikingoen arpilaketak jasan zituzten Frantziaren iparraldean kostaldeko eta Ingalaterrako biztanleek.

Untzi handitan etortzen ziren Danimarka eta Norvegiatik kostaldeko herrietara jendea hil, arpilatu eta bazterrak suntsitzera.

Hasiera batean, erasoak oso aldian behingoak ziren, baina denbora gutxiren buruan, batez ere Ingalaterran, ugaritu egin zituzten bisitaldiak eta konkistatzaile gisa portatzen hasi ziren.

Honela bada, XI. mendeko lehen hamarkadetan, Danimarka eta Norvegiako erregea Ingalaterrako buru ere izan zen.

Frantziaren iparraldean beste soluzio politiko bat jarri zuten martxan. 911n, Karlos III.a Tentelak, bikingoekin hainbat borroka izan ondoren, kostaldea eman zien hartara erasoak amaitze aldera.

Rollon izan zen hitzarmena sinatu zuen buruzagi bikingoa.

Normandia eskualdeak gaur ere izen bera du eta normandoei edo iparraldeko gizonei zor die izena, jatorriagatik horrela deitzen baitzitzaien bikingoei.

Kristautasunaren eta frantsesen eraginpean, kolonizatzaile normando hauek baretu eta kristau bihurtu ziren mende gutxiren buruan, baina ez zituzten beren kultur tradizioak baztertu.

Izpiritu abenturazalea zuten eta ez zioten utzi gerra-espedizioak egiteari.

XI. mendearen erdialdean, Italiaren hegoaldea eta Sizilia hartu zituen Roberto Guiscard-ek.

1130ean bere iloba Roger III.a, Sizilia eta Napolesko errege koroatu zuen Aita Santuak; erreinu hau 1194ean Hohenstaufendarren dinastiaren jabetzara pasa zen.

Normandoek Italiaren hegoaldea hartzen zuten bitartean, Gilermo I.a Konkistatzaileak, Normandiako dukeak, Ingalaterra inbaditu zuen.

Herrialde honetako tronurako dudamudazko eskubide batzuez baliatuz, 1066an armada txiki batez eraso eta menderatu egin zuen Harold Hastings-eko batailan.

Gilermo oso lurralde handien jabe egin zen eta bere jarraitzaileen artean banatu zituen.

Denbora gutxian, estrategikoki kokatutako zurezko gotorlekuz bete zuten herrialdea eta horietatik kontrolatzen zuten Gilermoren menpekoek populazio anglosaxoniarra.

Gero, harrizko eraikuntzak altxa zituzten eta hauetatik asko oraindik ere zutik daude, arkitektura normandoaren lekuko, beren zurezko sabai landuekin.